XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gipuzkoan: Aizarnazabal, Errezil, Altzo, Baliarrain, Orendain, Leaburu-Gaztelu-Txarama, Lizartza, Orexa eta Gainza.

Bizkaian: Aulesti, Gizaburuaga, Munitibar-Gerrikaitz, Etxebarria, Gatika, Nabarniz, Zeanuri eta Dima.

Nafarroan: Leitza eta Goizueta.

Euskaldunen kopurua %80tik gorakoa duten beste ehun udalerri (Iparraldekoak kontatu gabe) ere badira, eta udalerri horietan planifikazio zehatza eginez gero, litekeena da, epe laburrera, euskaraz ihardun ahal izatea.

Gaur egun, udalerri euskaldunetan 100.000tik gora euskaldun bizi da, eta horietatik 20.000ren bat euskal elebakarra da; kasu gehienetan, haatik, euskaldun horiei erdarazko zerbitzuak eskeintzen zaizkie: sendagileak, praktikanteak, udal-funtzionarioak, epaileak, erizainak, langileak... horixe arazoa: beraz, txostenak dioen bezala, hauek dira gure mugimendurako buruan eduki behar ditugun datuak, edozein hizkuntz plangintzak kontuan hartu beharreko errealitatea, izan ere, berbadun hauek euskararentzat euskara beraientzat bezain garrantzitsuak dira eta.

Epe luzera, Iparraldeko udalerri euskaldunek Hegoaldekoekin lanean bat egitea espero du Mankomunitateak; horretarako hango egoera aztertu eta harremanetan jarri ondoren, gure Zuzendaritza Batzordean parte hartzea eskeini beharko diegu.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Idazkaritza Nagusiaren gomendioen artean, euskara lan-hizkuntza bihurtzearen aldeko jarrera jasotzen da; eta horixe da, alegia, UEMAk egindako apostu ausarta.

Hala ere, jakin badakite euren mugimendua ezin dela laga udal batzuen borondate hutsean, eta euskal sare bat osatu nahi izanez gero, antzeko egoera soziolinguistikoan dauden udalerriek bat egin beharko dutela; azken batean, euskarak gune nagusi bat behar du berezko dituen funtzio guztiak garatzeko.

Helburu orokorrak

Udalerri euskaldunetan euskara izan da, eta oraindik ere bada, etxeetan jasotzen eta transmititzen den hizkuntza jarraitzen du aipatutako txostenak; hala ere, eginkizun formaletarako (eskola, administrazioa, komunikabideak...) lekurik egin ez zaionez, sukaldean, intimidadean ere, gaztelera sartzen ari da indar handiz.

Horiek horrela, Mankomunitatearen helburu nagusia gaztelerak betetzen dituen funtzio guztiak euskararentzat bereganatzea izango da: beste era batera esanda, normaltasun osoz bizi ahal izateko gaztelera beharrezkoa ez izatea.

Hortaz, ahaleginak egin behar ditugu arlo guztietan etxean, kalean, administrazioan, komertzioan, ekonomian... euskararen eguneroko parte hartzea ziurtatzeko.

Horren inguruan, Richard Bourhis-ek, Quebec-eko soziolinguista ospetsuak, hau esan zuen: une honetan, euskaldunen arteko bi komunikazio-mota dago; alde batetik, baserri edo arrantzan dihardutenen artekoa, eta bestetik, familiakoa.

Aurrerantzean familia abiapuntu dela, herri osora hedatzen diren euskaldunen sareak zaindu eta ugaldu egin behar dira.

UEMAren helburuak ez dira hor amaitzen; beste helburu bat euskara eta euskal kultura zabaltzea da, eta horretarako, udalerri euskaldunek euskararen gordelekua izan behar dute.

Hori lortzeko, bere ateak zabaltzearen alde agertu da Mankomunitatea.

UEMAko teknikari baten iritzia

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko koordinatzaileak, Iñaki Arregik, UEMAren nondik-norakoak eta euskararen egoerari buruz duen ikuspegia azaldu zuen duela gutxi, eskutitz polit batean:

Makina bat urte igaro da dagoeneko, euskararen ozono geruzan lehenengo zulotak agertu zirenetik.

Geroztik, urte ugari zapaldurik eta beste mordo bat ahaleginetan ibili arren, aieneka eta ezinean gabiltza euskaldunok.

Azken urte hauetan hainbat akordio ez kutsatzaile sinatu arren, alegia, telebista eta irratiak euskaraz, hezkuntza sistema, herrietako euskal taldeak, administrazioko hainbat langile, AEK, HABE, EKB... euskararen ozono geruzaren egoera ez da larregirik aldatu.

Errealitatea hau da: Euskal Herrian oso jende gutxik berba egiten du euskaraz.

Azken inkestek diotenez, Euskal Herrian bizi garen 2.800.000 biztanleetatik, 600.000 inguru gara euskaraz hitz egiteko gauza eguneroko bizitzan.

Euskara arnastea, ia ia, ezinezkoa da, baita gure etxean bertan ere.

Hau gutxi balitz, gure berbak ez du berezko espazio sozio-geografikorik, ez kutsadura barik bizitzeko ezta berari dagozkion funtzio guztiak garatzeko; hau bene-benetan dramatikoa da edozein hizkuntza (herri) aurrera ateratzeko orduan.

Alferrik izango dira aipatutako ahaleginak eta martxan jarritako talde guztiak, euskara erabiltzeko baldintza aproposak ez baditugu.

Beraz, euskararen ozono geruza indartzeko bi gauza lortu behar ditugu: berezko esparrua eta hizkuntza erabiltzea; hain zuzen ere, horri nolabaiteko konponketa ematearren jarri zen martxan Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA).

Gure helburua eta Mankomunitatea tresna bat besterik ez da Autonomi Elkarteko, Nafarroako eta, bigarren fase batean, Iparraldeko udalerri euskaldun guztietan erderen nagusitasunekin amaitzea da; ostera esanda, familian euskara naturaltasunez egiten den bezala, herriko arlo guztietan beste horrenbeste gertatzea.

Hori guztia gauzatzeko, bai Mari Karmen Garmendiak eta Jose Maria Otxoak zuzentzen dituzten idazkaritzek, bai talde euskaltzale eta alderdi politikoek, alderdikerien morrontzapetik aldenduz, babes politiko, sozial eta ekonomikoa eskeini behar dizkiote herri-mugimendu honi.

Bernardo Atxagak esan zuen moduan euskarak bakea behar du, eta bakea eman behar zaio.

Alderdi politikoek eduki bezate beren programetan baina bueltan ezer espero gabe.

Maitasun epel edo interesatuek ez dute saririk merezi: ez dezala ideologia batek edo besteak jendearen euskarari buruzko bidea galerazi.